2012-12-03

Gaur, abenduaren 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da.
Orain dela urte dexente Argitxo izeneko iratxo bat agertu zen gure ikastolako atarian. Kriseilua eskutan zuela, Langaitz Ikastolako haurrek euskaraz zenbat aritzen ziren zen bere bisitaren arrazoia. Poliki-poliki ikastolako bizitzan sartu zen gure iratxoa. Edozein jai, ekintza edo jolasetan hantxe zegoen bere irudia, beti erne. Eta gure ikastolako neska-mutilak euskaraz hitzegiten saiatzen ziren. Egunero, euskaraz hitzegiten ari ote ziren begira zegoela iruditzen zitzaien eta beti saiatzen ziren euskara gero eta gehiago denon ahotan zabaltzen.
Orain, ordea, aspaldi ez dut Argitxo ikusi eta gure ikastolako euskararen egoera gero eta zailagoa bihurtzen ari da. Historian zehar, asko izan dira gure hizkuntza erasotua izan diren momentuak. Baina, zorionez, asko izan dira ere euskaraz hitzegiten jarraitu dutenak eta haiei eskerrak eman behar dizkiegu guk hainbeste maite dugun hizkuntza gureganaino ekartzeagatik. Gure eskuetan dago euskara gure eguneroko hizkuntza bilakatzea. Astelehenean, Euskararen Eguna ospatzerakoan, konturatuko gara, ikasterako baino gehiago, jolasteko, dibertitzeko eta gozatzeko hizkuntza dugula.
GURE ESKUTAN DAGO. EUSKARA DA EUSKALDUN EGITEN GAITUENA!!

0 comentarios:

Publicar un comentario

Subscribe to RSS Feed Follow me on Twitter!